Ongi Etorri GaraiOn-era!

  • 2garena640x510
  • 5garena640x510
  • 3garena640x510

Garaion-en NATURA, SORKUNTZA eta ONDARE SOZIALA lantzen dihardugu 2008tik. Arabako Ozaeta herriko Otaza auzoan dago gure etxaldea; Sorgingunea deitzen diogu, bertan sortzen baitira lau haizetara zabaltzen ditugun ametsak ekintza bihurtuta.

  • garena landscape
  • garena landscape2
  • garena landscape4
  • garena landscape5

Garaion Erakundea

Garaion Naturartea Elkartea

Garaion Naturartea irabazi asmorik gabeko elkartea da. Araban gaude, Ozaetan. Bertatik, Arabari bereziki, eta Euskal Herri osoari, eskaintzen dizkiogu gure ahalegin eta ametsak.

Garaion Kooperatiba Elkarte Txikia

Hasiera baten, elkarteak liberatuen bidez dinamizatu zituen jarduerak. 2009. urtean, egun 2 emakumek osatzen dugun kooperatiba txikia sortu genuen: Garaion Kooperatiba Elkarte Txikia. Amaia Gabilondo eta Julia López gara Garaion Kooperatiba Elkarte Txikia osatzen dugun bi bazkideak.
Garaion-en Otazako egoitzara hurbiltzen bazarete, gustura egingo dizuegu ongietorria. Hori bai! Badaezpada, aurrez abisatu etorriko zaretela! Hamaika lanetan murgilduta aritzen baikara!

Gure Izaeraren Ezaugarri Nagusiak

  • Sortzailetasuna bultzatu nahi dugu. Denok gara sortzaile, denok gara sorgin, horixe da etorkizun hobea eraikitzeko guztiok barruan dugun tresna.
  • Naturaren aldeko jarrera bultzatzen dugu.
  • Harreman onak bultzatu nahi ditugu: emozioak aintzat hartzen dituztenak; sexualitatearen bizipen anitzak onartzen dituztenak; pertsona bakoitzaren ezaugarri partikularrak errespetatzen dituztenak; goxotasunetik eta errespetutik eraikitakoak; … Harreman zuzena eta humanismoa dira gure ardatzak.
  • Auzolana: jasotako ondarea, altxorra, dugu auzolana. Auzolana erabiltzen eta bultzatzen dugu. Auzolana sustatu nahi dugu jendartearen garapen osasuntsurako tresna gisa.
  • Identitate guztiak onartuz eta errespetatuz euskaldunak gara.
  • Feministak gara.
  • Elikadura burujabetza bultzatzen dugu.

Gure Ibilbidea Iruditan

Ametsa ereiten urte dexente lehenago hasi baginen ere, Garaion 2008an sortu genuen. Urte hauetan guztietan, hainbat jarduera, lagun eta bizipen joan dira elkartea osatzen. Hona hemen, urtez urte eta argazkien bidez, une horietako batzuk:

  • 2017

     

  • 2016

     

  • 2015

     

  • 2014

     

  • 2013

     

  • 2012

     

  • 2011

     

  • 2010

     

  • 2008 – 2009

     

Lagunak

Garaion, beste ezeren gainetik, lagun multzo handia da. Ilusio asko eta baliabide ekonomiko gutxirekin egin dugu aurrera, baina altxorrik ederrena ondoan dugula: lagunak; eta lagunen lagunak; lagun handi eta txikiak; hemengoak eta hangoak; sukaldari eta iturginak; albokari eta nekazariak; denetarikoak; denetarik eskaini digutenak! Eskerrik beroenak guztiei, bakoitzari. Bihotzetik-bihotzera!

Garaion-en, lagunek parte-hartzeko bide anitzak dituzue: bazkide egitea, auzolanetan parte-hartzea, ideia edota egitasmoak proposatzea, laguntza eskatzea eta ematea, harremantzea, edo asanblada irekietara etortzea dira esanguratsuenak.

Bazkideak


Garaion bazkidez osatutako elkartea da. Garaion geu gara, bazkideak: gure ametsak, sormena eta ilusioa. Bazkide mota desberdinak ditugu: Garaion-zaleak, erabiltzaileak, norbanako eta talde sortzaileak, aisialdi elkarteak, inguruko biztanleak…

Bazkideen artetik elkarteko zuzendaritza batzordeko partaideak aukeratzen ditugu, eta hauek erabakietan parte hartzen dute, bazkide guztien ordezkari gisa. Bazkideek urteko ekarpen bat egiten dute, elkarteari babes ekonomiko txiki eta babes moral ikaragarria eskainiz. Elkartetik informazioa jasotzen dute maiztasun batekin eta Otazako etxaldea erabiltzeko aukera dute; bertan sortzen diren jardueretan are gehiago.

Izan nahi duzu Garaion-eko bazkide?
Deitu iezaguzu 945063245 zenbakira edo idatzi mezu bat.

Auzolankideak


  • Auzolana 1

     

  • Auzolana 2

     

  • Auzolana 3

     

Auzolana Garaion-en izaeraren oinarri nagusia da. Gure arbasoek utzitako ondarea, altxorra da auzolana. Elkartuz, guztion ahalmenak batuz, jendartea eraikitzea da auzolana. Ametsak eta proiektuak batuz egingarriak direla sinetsita gaude. Horregatik, auzolana gure lan tresna da; erabili eta zabaldu nahi duguna, etorkizun hobea, garai onak, eraikitzeko.

Urtean hiruzpalau aldiz antolatzen ditugu auzolanak Garaion-en, eta lagun asko etortzen dira beren ekarpena egitera: Lautadako lagunak, Arrasateko Euskalgintzako lagunak, Txatxilipurdi elkarteko lagunak, bidean ezagututakoak…

Auzolanetan parte hartzeko gogorik baduzu?
Idatzi mezu bat gure helbidera, garaionsorgingunea@gmail.com, gure datu basean sartuko dugu zure helbidea eta auzolana dagoenean jakinaren gainean jarriko zaitugu.

Asanblada Irekia


Urtean behin gutxienez, gure jardueraren eta gogoeten berri emateko eta ideien elkartrukea egiteko, asanblada irekiak antolatzen ditugu. Saio hauetan, etorri eta entzun edo zerbait partekatu nahi duen edozeinek har dezake parte, bazkideek, lagunek, Garaion ezagutzeko gogoa dutenek… edozeinek! Elkartetik, pasa den urtean burututako jarduerak azaltzen ditugu eta baita urte berrian egin nahi ditugunak ere; horien guztien inguruan, oniritzia eta babesa eskatzen dizuegu etortzen zareten guztiei.

Asanblada irekietan, elkartearen gainean jarduteaz gainera, elkarrekin goxo egoteko tartea ere hartzen dugu.